Gure Liburuak
Katxiporreta Kooperatibak “Zerua lapurtu dute!” haurrei eta familiei zuzenduriko ipuin eta diska ilustratua argitaratu ditu Aranzadi Zientzia elkartearekin elkarlanean eta hainbat partaiderekin batera. Izan ere, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak protagonista direla, Leire Bilbaok idatzi du ipuina, Karmele Gorroñok (Irrimarra) ilustratu du, eta Xabier Zabala musikariak abestiak sortu eta moldatu ditu diskorako.
Munduko hainbat tokitan, noizbehinka, ilargiak eguzkia ezkutatzen duela entzun dugu. Hori gertatzen denean, zerua iluntzen da, eguna gau bihurtzen da, zeruan izarrak azaltzen dira eta animaliak lotara doaz; ikuskizun horri eguzki eklipse deitzen diogu. Gerta daiteke, halaber, gauez ilargia gorriz tindatzea, eta, orduan, ilargi eklipsea gertatzen da.
2025eko martxoan hasita, zenbait eklipse ikusteko aukera izango dugu gure lurraldean, ilargi eklipseak eta eguzki eklipseak. 2026ko abuztuan, hain zuzen ere, eguzki eklipse oso bat ikusteko aukera izango dugu. Liburu honekin, Birtxi farozainaren eskutik, eklipseen sekretu guztiak familian deskubrituko dituzu: zergatik gertatzen diren eta nola behatu. Eta barruan, eguzki eklipseak era seguru batean behatzeko betaurreko homologatuak aurkituko dituzue.